Kaleratzeak Stop Desahucios Debagoiena taldeak gonbita egin diete herritarrei bertako denda txikietan erosketak egin ditzaten eta kreditu txartelarekin ordain ez ditzaten. Horretarako, ‘Gabon hauetan krediturik ez!’ izeneko kanpaina abiatu dute.
Gabonetan egiten ditugun erosketak herrietako komertzio txikietan egitea eta diruarekin eta ez kreditu txartelarekin ordaintzea eskatzen dute Kaleratzeak Stop Desahucios Debagoiena taldekoek.
Denda txikia ere bankuen “biktima”
Horrekin lortu nahi dute bankuek eta kutxek ez jasotzea kreditu txartelekin erosketak eginez gero jasotzen dituzten komisioak. “Modu erraz eta eraginkor honen bitartez lortzen dugu, batetik, komertzio txikia laguntzea; izan ere, hauek ere finantza erakundeen politiken biktimak baitira, eta, bestetik, bankuen jokaeren aurkako keinu bat egiten da, hipotekari aurre egin ezinean dabiltzan eta etxea galtzen duten herritarrak babestuz”. Halaxe diote Kaleratzeak Stop Desahucios Debagoiena taldetik.
Begiak ezin itxi
Era berean, diote, etxegabetzeen aurrean ezin direla begiak itxi. Eta, gogoratzen dute, 2012an, etxegabetzeen gaineko auziak %134 hazi direla eta egoera larrian dauden herritarrak geroago eta gehiago direla.
Horren aurrean, Gabonetan erosketak diru metalikoarekin ordaintzera eta erosketa horiek herriko denda txikietan egitera animatzen dute jendea, “erraza eta batere kosturik bakoa” delako eta, era honetan, bankuek komisioak jasotzea saihesten delako. “Ekimen honekin bat egiten dugunok asko bagara, bankuak behartuko ditugu hausnarketa egitera” diote.
Sinadurak batzea
Bestalde, Kaleratzeak Stop Desahucios Debagoiena taldeak gogorarazi nahi du egunotan kalean izango direla etxegabetzeen aurkako sinadurak batzen. Atzo, eguaztena, Aretxabaletan izan ziren; gaur, Bergaran eta Eskoriatzan izango dira, 18:00etatik 20:00etara. Eta, bihar eta etzi, Arrasaten: egubakoitzean, arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara eta, zapatuan, Santamas egunean, goizez, 11:30etik hasita, Biteri plazan.